XXI. mendeko euskaldunon elkarteak

Mende laurdena baino gehiago pasa da lehen Euskara Elkartea sortu zenetik. Herriz herri hainbat euskaltzaleren ekimenez sortutako gizarte mugimendu honek euskaldunon bilgune izan eta euskaldunon komunitatea trinkotzeko bokazioarekin sortu ziren 1983 urtetik aurrera gaur egun euskara elkarte modura ezagutzen ditugun lehen elkarteak , euskaraz bizitzeko euskaldunok beharrezkoak zituzten espazioak sortu edo bultzatzeko. Aitzindari izandako elkarteen ekimena Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabaldu da hurrengo hamarkadetan eta urteek aurrera joan ahala, sare anitz eta indartsua hedatu da. Urteotan egindako lanari esker, mugimendu honek 20.000 bazkide kuotadunetik gora, 450 langile eta 1.400 boluntario ditu herriz herri, eskualdez eskualde, euskaldunon bilgune autoeratuak antolatuz eta milaka egitasmo martxan jartzen.

Euskara Elkarteen mugimenduarentzat une garrantzitsua dela uste dugu. Izan ere, funtzio garrantzitsua betetzen ari gara euskara elkarteok sortu ginenetik, baina era berean, badakigu etorkizunera begira jartzeko unea heldu dela; gure funtzioa berrezartzeko eta ikuspegiz aberasteko unea hain zuzen ere. Gizarte mugimendu gehientsuenek dituzten erronkak geure egiteaz gain, euskaldunon komunitate osasuntsua indartu nahian gabiltzan elkarteok baditugu amets propioak eta erantzun beharreko galderak.

Horixe da XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresuaren bidez lortu nahi dena, mugimenduaren erronkak berpentsatu eta horretarako gizarte mugimendu honek izan beharreko estrategiak eta antolakuntza zehaztea.  Bi urtetako prozesu parte hartzailea irudikatu da horretarako eta lehen portu modura 2011ko otsailaren 26a jarri da. Egun horretan, Bilbon, Euskaldunon Elkarteen Mugimenduak hitzordu garrantzitsua izango du.

Hausnarketa prozesua "olatu" baten moduan irudikatu nahi dugu, Kongresurako bidean batzen doazen kideen babesa eta laguntza pixkanaka gehitzen dituena. Talde txikian lanean hasi (horretarako hainbat lagun, aditu eta aritu batu ditugu hausnarketara) eta bazkide guztiengana zabaldu da gogoeta.

Otsailaren 26an Euskaldunon Elkarte guztietako kideak elkarrekin bilduko gara Bilbon, inoiz mugimendu honen baitan egindako bilkurarik jendetsuenean. Horixe izango da XXI. Mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresua: euskaldunon elkarteen bilgune eta olatua.




Kongresua: Karmen Irizar from Topagunea on Vimeo.