Berriak‎ > ‎

Kongresua prestatzen, batzordeak lanean

posted 28 Oct 2010, 01:05 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 28 Oct 2010, 01:32 ]

Gogoan izango duzuenez, urtarrilean ekin genion euskara elkarteen mugimenduaren gaineko hausnarketa egiteari Durangon egindako jardunaldietan. Bertan bildutako ehun lagunek egun emankor batean euskara elkarteen mugimenduaren etorkizunerako erronkak irudikatzeko ariketa egin genuen, azken mende laurdenean egindako lanaren diagnositik abiatuta.

Jardunaldien ondorioetan jaso zen moduan, Topaguneak bazkideen aldetik jasotako beharrei eta iruzkinei erantzunez, Kongresu forma eman dio hausnarketa prozesuari eta fase ezberdinak zehaztu ditu hausnarketa horretarako, beti ere, baldintza argi batekin: ahalik eta hausnarketa prozesu parte-hartzaileena izatea, bazkideen parte hartzea bermatuz.

Hilabeteak pasa dira, baina Topagunean ez gara geldi egon eta Kongresuari datak eta prozedura jakina zehazteaz gain, gogoetari ekin dioten lantaldeak osatu eta martxan jarri ditugu. Horrela, maiatzetik aurrera bi batzorde lanean izan ditugu hausnarketarako oinarriak jartzen.



Batzorde Eragilea, Kongresuaren antolaketa

Kongresuaren antolaketa eta prozesu guztiaren jarraipena eta gidaritza eramango duen batzordea zazpi lagunek osatzen dute. Batzorde honek Kongresuak iraungo duen hilabeteetan funtzionatuko du eta antolaketa lanak gidatzeaz gain, ponentzia eta ekarpenei ikuspegi berriak txertatzeko lana hartuko du. Ondoko lagunek osatzen dute Batzorde Eragilea: Karmen Irizar, Joxemari Muxika, Koldo Tapia, Iban Arantzabal, Oskar Zapata, Jasone Mendizabal eta Iker Martinez de Lagosek.

Batzorde Txikia, oinarrizko ponentziaren lanketa

Bazkide guztien artean eztabaidatu beharreko gaiak landu eta oinarrizko ponentzia osatzeko lantalde batek aurre-lanak egin behar zituela argi ikusi zuen Zuzendaritza Batzordeak urtarrileko jardunaldien ondoren. Era berean, lanketa hori idazkari tekniko batek zuzendu behar zuela ere erabaki zuen Topaguneko zuzendaritzak.

Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko (Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien fakultateko) Sorguneak lantaldearekin harremana hartu zen eta lantaldearen dinamizazioa beraiek egiteko erabakia hartu zen gerora. Beraz, gaur egun HUHEZIko bi lagun (Julen Arexolaleiba eta Nekane Goikoetxea) ari dira Topaguneko bi lagunekin batera ponentzia sortzeko prozesua gidatzen.

Batzorde txikiaren lan nagusia (ponentzia sortzeko hausnarketa/eztabaida saioak) maiatza eta iraila bitartean garatzen ari da eta, udazkenean ponentzia horri ekarpenak egiteko kontraste fase sakona zabalduko da.

Ondoko hamasei lagunek osatzen dute Batzorde Txikia:  Julen Arexolaleiba,  Iñaki Arruti, Josu Aztiria, Gorka Barruetabeña,  Nekane Goikoetxea,  Elena Herrarte, Karmen Irizar,  Imanol Larrañaga, Iker Martinez de Lagos, Iñaki Martinez de Luna, Jasone Mendizabal, Imanol Miner, Rosa Ramos, Jon Sarasua, Iñaki Urruzola eta Xamarrek. Gainera, hausnarketa saio batzuetan, bestelako gonbidatu batzuek ere parte hartu dute, Topaguneko zenbait teknikarik eta hausnarketa prozesu propioak egin dituzten zenbait euskara elkarteetako hainbat kidek.

Bazkideekin hausnarketa

Udazkenean ekingo zaio Kongresuaren fase nagusiari. Batzorde Txikiaren proposamena nagusiki euskara elkarteetako kideek osatuko duten 50 laguneko talde batekin landuko da. Talde honen lana izango da Euskara Elkarteen Mugimenduaren etorkizunerako lan-ildoak zehaztuko dituen ponentzia proposamena osatzea. Urria eta abendua artean egingo da talde honekin lana, talde dinamika, elkarrizketa sakon eta idatzizko ekarpenen bidez. Taldea osatuko dutenen zerrenda osatzeko hainbat irizpide erabiltzen ari dira, era guztietako elkarte eta kideak ordezkatuak izan daitezen: lurralde guztietako elkarteak, ibilbide luzea egin duten elkarteak eta elkarte sortu berriak, langileak eta boluntarioak, adin ezberdinetako lagunak, gizon eta emakumeak, ingurune soziolinguistiko ezberdinetakoak, elkarte “handi” eta “txikiak”,…

Abendua eta urtarrila artean berriz, 50 laguneko talde horrek osatutako proposamenarekin bost mintegi antolatuko dira ponentziaren gaineko eztabaida egiteko. Topagunean bazkide diren Euskara Elkarte guztiek parte har dezaten saioa egingo da.

Kongresuaren lehen bilkura nagusia, otsailean

Otsailean egingo da azkenik, Kongresuaren bilkura nagusia. Urtarrilean Durangon 100 lagun biltzea lortu genuen eta eztabaida aberatsa izateko aukera baliatu genuela ikusita, datorren otsailean euskara elkarte guztietako kideak biltzeko apustua egin nahi dugu, euskaldunon bilgune den mugimendu honen etorkizuna denon artean irudikatuz garai berri bati hasiera emateko. Izan ere, Durangon jasotakotik bi ondorio nagusi ateratzeko moduan gaude: euskara elkarteen egitekoak oraindik ere asko (eta garrantzitsuak) dira eta fase berri batean sartzeko gogoa dago euskara elkarteetako eragileon artean.   Otsaileko bilkura zabala mugimendu honentzako mugarri garrantzitsu bat izan daitekeelakoan, ilusioz ari gara lanean.

Comments