Berriak‎ > ‎

ELKARRIZKETA: Karmen Irizar, Topaguneko lehendakaria

posted 28 Oct 2010, 01:21 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 28 Oct 2010, 04:11 ]

Zergatik proposatu du Topaguneak Euskara Elkarteen Mugimenduaren Kongresua egitea?                                 
Zerk bultzatu du prozesua abiaraztera?

25 urte pasa joan dira lehenengo euskara elkartea sortu zenetik. 25 urte horietan bizitza bera ikaragarri aldatu da. Munduak inoiz baino txikiagoa eta eskuragarriagoa dirudi, abiada ikaragarrian bizi gara, euskaldunon kopurua asko hazi da  eta 150 hizkuntza desberdin hitz egiten duen jendea bizi da Euskal Herrian.

Aldaketa gehiegitxo dira  urte gutxian hainbeste hazi den euskara elkarteen mugimenduak geldiunea egin eta panorama berri honetan non dagoen ikusteko tarterik ez hartzeko.

Aldaketokin batera, euskara elkarteak elkarrekin oso gutxi egoten garela ikusi dugu. Egitasmo jakinetarako biltzen gara era elkarlanean aritzen ikasi dugu baina gogoeta egiteko, pentsatzeko, kezkak eta ilusioak konpartitzeko denbora gutxi hartzen dugula ohartu gara, eta horretarako unea iritsi zaigula iritzi diogu. Bestalde, 25 urtean joan-etorri asko izan da  euskara elkarteetako lan taldeetan zein boluntarioetan, eta belaunaldi batetik besterako txanda pasan, txanda bakarrik pasatu da askotan eta hasierako euskara elkarteek landu eta onartutako irizpide eta egiteko modua aurreko balunaldikoekin joan dira maiz. Historikotzat ditugun hainbat elkartetan jende berria sartzeaz  bat elkarte jaio berria bihurtu dira ia, ez baitute behar besteko  informaziorik jaso.

Zuzendaritza Batzordearentzat ez da egitasmo berria.

Ez, ez da kontu berria. Joxe Mari Muxikak (aurreko lehendakariak) aipatzen zuen horrelako bilkura baten beharra, geure burua berraztertzeko beharra. Bere garaian ordea, Topagunea ikaragarri hazten ari zen eta nahikoa lan izan genuen federazioa bera antolatu eta indartzen zen heinean, han-hemenka etengabe sortzen ari ziren euskara elkarte berrien eskaerei erantzuten, erakunde publikoekin harremana formaltzen eta lan taldea egituratzen. Lan hori guztia oso ondo eginda utzi zuen Joxe Marik eta ondoren izan dugu modua gure oinarriak berrikusten hasteko.

Zuzendaritza Batzordean inguru, egoera eta tamaina ezberdinetako euskara elkarteetako ordezkariak biltzen zarete. Ordezkari guztiek ikusi duzue hausnarketa prozesua egiteko beharra?

Bai, baietz esango nuke. Batzuk lehenago eta besteek beranduxio baino guztiok ikusi dugu oinarriei dagokionez hankamotz gabiltzala. Tamaina eta inguru soziolinguistiko desberdinetakoak izanda ere, ulertu dugu oinarriak falta zaizkigula. Guztiak gara gai aldizkaria martxan jartzeko edo aisialdiko hainbat proiektu martxan jartzeko, baina egitasmo zehatzak baino argudioak, filosofia  eta oinarri teoriko sendoak izatea eskatzen duten egoeretan deseroso sentitu ditugu gure elkarteak, aurrera egin ezinda.

Urtarrilaren 23an eman zitzaion hasiera prozesuari. Zer balorazio egiten duzu urtarrileko jardunaldiaz eta bertan jasotakoaz?

Txutea’ izan zen zentzu askotan. Han-hemenka, euskara elkarteetako kideak zein elkarteetatik kanpo dabilen jende asko ari zitzaigun horrelako gogoeta  prozesu baten eske. Zuzendaritzaren gogoetek ere bide hori hartua zuten lehendik eta intuizioak esaten zigun, gu bezala, jende asko zegoela oinarriak mugimenduko kideekin berrikusteko gogoz. Hala ere, kezka ematen zigun ‘ekintzen gizartean’ gogoeta proposatu eta bazkideek begia okertzea. 100 lagun elkartu ginen mugimenduari gainbegiratua egiteko, jendea ezagutu, kezkak agertzeko eta askotan herriko eguneroko dinamikak hain lausotuta uzten duen lanaren garrantzia berresteko. Loreak izan ziren eta baita kritika zorrotzak, mugimendua bizirik dagoen seinale, arnasa hartu eta hedatu nahi dugula erakutsi genuen euskara elkarteok, eta batez ere, tokikoa oinarri izanda ere, mugimendu egituratua eta zabala osatzen dugun heinean egingo dugula aurrera.

Durangoko jardunaldietan jasotako iritziek bazkideen gogobetetze inkestetan eta hausnarketa estrategikoetan jasotakoekin bat egiten dutela aipatu zen urteko Batzar Nagusian.

Hala da, eta horrek sekulako lasaitua eman zigun. Aurrexio esan dudan moduan intuizioak esaten zigun jendeak hausnarketarako gogoa zuela baina ez geunden erabat ziur. Aldi berean, zuzendaritzakideon artean askotan agertu diren ahulezia eta kritiken ildo beretik etorri dira kritikak eta horrek hankak lurrean ditugula erakusten digu eta maiz elkarteetatik nahi baino urrunago egon arren badugula oinarrizko lotura bat. Datozen urteetarako abiatu nahi ditugun egitasmoen inguruko pista asko eman digute datuok.

Bestalde, lehenengo euskara elkarteen sorreran aritutako jende asko etorri zen Durangora, ‘historikoak’ diren horietakoak, Julen Arexolaleiba, Xamar, Teo Etxaburu, Iñaki Arruti, Joxe Mari Muxika, Rosa Ramos, Imanol Miner eta  elkarteetan gaur egun aritzen direnekin jardun zuten aritu talde txikietan lanean. Belaunaldi arteko joan etorriko gogoeta iritzi nion neuk. Hasieran asko teorizatu ondoren elkarteak sortu zituzten adituak eta azkenengo urteetan elkarteetan ari garen arituen arteko zubi eraikitze bat bezala. Zubi horren gabezia aipatu izan dugu askotan Topagunean eta larunbat hartan lehenengo zimentuak jarri genituelakoan nago.


Euskara elkarteen artean beraz, gogoeta sakona egiteko gogoa nabaria da.


Bai, orain nabaria da. Beharra eta gogoa, biak dira oso nabarmenak. Dena den, gogoeta beharra ez da filosofiaren alorrean bakarrik somatzen, baita eguneroko lanari dagokionez ere. Boluntario, langile eta bazkideek partekatzen dugun jokaleku eta egitekoez ere hitz egiteko gogoa dago, elkarteok dugun menpekotasun ekonomikoaz ere aritu nahi dute bazkideek, antolaketa ereduaz, erakunde publikoekin dugun harremanaz... baina horiek bigarren fasean izango dute leku


Zein helburu jarri dio Zuzendaritza Batzordeak prozesuari? Prozesuaren bukaeran zer nahi luke zuzendaritzak?


Euskara elkarteen mugimenduan hainbat alorri dagokionez mugarri izango den prozesua irudikatzen dugu.


1.-Mugimenduaren oinarriparrak, oinarriak eta erronkak bideratzeko oinarri teoriko berritu berretsia nahi genuke bukaeran. Maila teorikoan elkarte jantziak nahi ditugu.


2.-Prozesu partehartzailea izatea nahi dugu. Partehartzailea esan nahi du federatuta dauden elkarte guztiek orain artekoa zer nola bizi izan duten adierazteko modua egitea eta beraiek hori egiteko beharra eta konfidantza sentitzea. Hori lortu ezean porrota izango da prozesu guztia, elkarteek ez baitute berea denik sentituko.


3.-Elkarteon lanak tokikotasunektik abiatuta euskaldunon herri osoarentzat duen garrantzia zabaltzen jakitea bai elkarteei, bai elkarteetako bazkideei eta baita euskal herritar guztiei ere.


Nolako animoarekin ekin diozu zuk prozesuari?


Niretzako sekulako aukera da maila pertsonalean. Topaguneko lehendakari izatea onartu nuenean gaur egun dakidanaren laurdena ere ez nekien. Zuzendaritzan bidelagun izan ditudan beste elkarteetako kideen eskutik ikusi dut zein herren genbiltzan Azkoitian, eta ohartu naiz gurea bezala elkarte asko zegoela motelaldi nabarmenean. Txepetxek oso ondo irudikatu zuen bezala lehenaldiari erreparatuta bakarrik egin dezakegu aurrera, nondik gatozen eta zergatik garen garen bezalakoak jakinda baino ez dugu aurrerako biderik ikusiko. Hori ulertzearekin batera ulertu nuen beste elkarteak eta hasierako adituak behar genituela milurteko berriari neurria hartzeko.  Jendearen ilusioa piztu dugu, hasierako jendea hurbildu zaigu eta prozesua abiatu dugu. Orain artean lortutakoarekin oso gustura nago, hasi baino ez garela egin dakidan arren.


Eta pozarekin batera kezka zabaldu zait gorputzean. Sortu ditugun ilusioek behar duten bezalako prozesua egiten asmatuko ez dugun beldur naiz, edo partehartzea bideratzen ez ote dugun asmatuko, gizartea urrunegi ote dugun gure burua ezagutarazteko,... baina horiek behar den unean landu eta osatuko ditugu, beraz, gogotsu, ikasteko irrikaz eta ahal dudan neurrian neuretxoa emateko asmoz.
Comments