eskuera: hitzaldiak (2009)


Sentitu, pentsatu, egin

posted 18 Dec 2008, 15:14 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 18 Dec 2008, 15:38 ]

Sormena izan da euskara elkarteen 25 urtetako historiaren ardatzetako bat. Izan ere, euskara elkarteen inguruan asko sortu da, asko sortzen da. Mugimendu berri bat sortu zen euskara elkarteekin orduan, lan egiteko modu berri bat, hizkuntzaren gaineko ikuspegi berri bat, euskararen normalkuntza ulertzeko eta azaltzeko diskurtso berri bat. Ondoren urteetan ere egitasmo eta esperientzia ugari sortu dituzte euskara elkarteek eta sortzaileentzako gune ere badira elkarteak. Esperientzia pertsonaletik abiatuta, euskara elkarteek sortu eta egindako ekarpena aztertuko da lehen saioan.  

Egin eta eragin

posted 18 Dec 2008, 15:14 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 18 Dec 2008, 15:39 ]

Euskara elkarteen mugimenduaren oinarri izan diren pentsamendu eta jardueren bilakaera aztertu nahi dira hitzaldi honetan. Izan ere, “egin eta eragin” ardatzetan sortu ziren euskara elkarteak eta  horietan kokatuko du hizlariak bere hausnarketa.

Euskara elkarteak: komunitatea mugimenduan

posted 18 Dec 2008, 15:13 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 18 Dec 2008, 15:40 ]

Euskara elkarteen mugimendua gizarte mugimendua da. Gizarte mugimendu guztiek izan ditzaketen kezka berdintsuak dituzte beraz euskara elkarteek, baina kezka hauei hizkuntzaren normalkuntzan ari den mugimendu batetik egindako begirada da euskara elkarteek eskaintzen dutena. Gizarteak dituen ezaugarriak aztertu nahi ditugu, eragiteko balioko diguten klabeak atera nahi ditugulako azterketa horretatik.

Sorkuntzaz

posted 18 Dec 2008, 15:12 by Euskaltzaleen Topagunea


Aukerak eta esperientziak

posted 18 Dec 2008, 15:12 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 18 Dec 2008, 15:48 ]

Edozein erakundek sormenerako aukera ugari ditu, aukera horiek ez daude erakundearen arlo zehatzei lotuta. Antolakuntzan, komunikazioan, egitasmoen sorreran izan daiteke sortzaile edozein erakunde. Saio honetan izango diren komunikazio ezberdinetan sormen aukera eta esperientziak ezagutuko ditugu. Sormena lan tresna moduan erabiltzen duen erakunde batetik hasi, antolakuntza mailan sorkuntza nola aplika daitekeen ezagutuz jarraitu eta teknologia berriek sareak sortzeko ematen dituzten aukera berrien gainean arituz bukatuko da saioa. Azkenean, horiek praktikara eramateko saioa egingo da tailerren bidez.  

Gure elkarte sortzailea eraikitzen

posted 18 Dec 2008, 15:11 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 18 Dec 2008, 15:50 ]

Aurreko saioan ezagututako esperientziek erakusten duten moduan, sortzaile eta sorkuntzari elkarteei leku egin dakieke, eta hori izango da saio honen helburua: elkarte batek dituen sormen guneak irudikatzea.

Sormen biziz kultura

posted 17 Dec 2008, 15:04 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 18 Dec 2008, 15:10 ]

Mahai inguru honetan kultur sorkuntza izango da aztergai: kultur sorkuntzak hizkuntzaren normalkuntzan dituen edo izan ditzakeen funtzioak eta euskara elkarteek kultur sorkuntza sustatzeko agente modura bete beharrekoak.  Gogoeta honen helburua  euskara elkarteen kultur jarduera eraginkorraren ezaugarriak identifikatzea izango da. Tokian tokiko elkarteek kultur jarduera sortzaileak sustatzeko eta jarduera horiek euskararen erabileran eragin ona izan dezaten landu daitezkeen bideak aztertuko dira.

 Helburu horretara heltzeko baina, aurretik, jendarte eta hizkuntza komunitaterako, kultur jarduera eta sorkuntzaren funtzio eta balio orokorrez hausnartuko da, gaia kokatzeko.

Sortu, jaso, zabal zazu. Kulturgintzaz

posted 17 Dec 2008, 15:03 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 19 Jan 2009, 04:55 ]

Gure ustez, ardura osoa eta bakarra sorgaietan jartzen badugu, nekez garatu genezake sorkuntza indartsurik. Arreta guztia objektuetan jartzen badugu (kantak, nobelak, bertsoak, filmeak…) subjektuei dagokien zentralitatea aitortu, oroitarazi eta zaindu barik (artistak, zaleak, antolatzaileak, industria, komunikabideak, instituzioak…), ezinezkoa da kulturari osasuntsu eustea. Kultur-gaia edozein izanik ere, funtzio sozialik betetzen ez badu, gure ustez, ez dago kulturaz berba egiterik.

 

Nondik begiratzen zaion, ederragoa era bada erronka: sortzaileagoak izatera derrigortuta gaude guztiok; sorkuntza gaur egun mendebaldean ulertzen den moduaz bestela ulertzera, eta lantzera: parte-hartzaileago, horizontalago, taldekoago, militanteago…

 

Jendartea osatzen dugu pertsona guztiak ez gara kultura kontsumitzaile aktiboak, bai ostera, pasiboak. Euskaldunok kultura espainol, frantsez eta angloxajoiari buruzko edukiak gura barik jasotzen ditugu egunero. Etenbako xurgatze inkonzientea da. Erreferentziaz elikatzen gaituen einean imaginarioa eraikitzen digu: janzkera, jakera, berbakera, ikuskera, azken batean, izakera. Aldiz, iruditzen zaigu euskal kulturari buruzko informazioa bilatu egin behar dugula euskaldunok, bila joan behar dugula. Esan berri dugu, euskalduna den oro, munduko herri guztietan gertatzen den legez, ez da kultura kontsumitzailea. Kultura kontsumitzailea ez den euskaldunak ez du informaziorik bilatzen eta bilatzen ez badu nekez jasoko du arestian aipatu kultura espainol, frantsez zein angloxajoiari buruz jasotzen duen beste eduki. Horregatik esan gura dugu euskaldunok ez ditugula gure sortzaileak ezagutzen.

 

Harrokeria barik esango dugu egungo euskal sortzaileek proposatzen digutenaren kalitatea bizilagun ditugun kulturetakoenaren bestekoa dela, gutxienez, askoz hobea askotan. Haatik, ez dugu lortzen euskaldunok horretaz jabetzerik.

 

Hona hemen, beraz, gaurko bi galdera nagusiak:

 

  • Zer ikuspegirekin egin behar da euskarazko kulturgintza?
  • Zer egiteko dagokie euskara elkarteei euskarazko kulturgintzan?

 

Gure ustean horixe izan liteke euskara elkarteen lehentasuneko bat: ahalik eta euskaldun gehienek gure sorkuntza kulturalaren berri jasotzea bila joan behar izan barik. Ezagutza eta kontsumoa, lehenik eta bat,  euskaldunon artean sustatu behar dugulakoan gaude. Alferrik ibiliko gara gure kultura atzerrian prestigiatzeko politika estrategikoak diseinatzen, ezinbesteko ezaugarritzat euskara duen kulturaren balizko hartzaileek ezer jasotzen ez badute

 

Bai, euskara eztabaida politikotik atera behar litzateke, herri honetako sentsibilitate desberdinen arteko akordio bat beharko litzateke hizkuntza eta kultura politikaren gainean eta hori guztia… baina, gaur-gaurkoz, ez da hala. Eta hala balitz ere, bi hizkuntzaren arteko talka beti izango da arazo iturri. Arazoari ihes egiteak ez digu gainditzen lagunduko.

 

Gure ustez, herri-kulturaren ikuspegia izan behar da ardatz euskarazko kulturgintzan; kulturaren ikuspegi antropologikoa. Esango genuke, batetik, sen horrekin jardun dugula eta dihardugula euskaldunok, baina, bestetik, azken urteetan indarra galtzen dabilen ikuspegia dela ere badirudi; dela ingurune euskaldunenetan “berezkotzat” jotzen delako, dela ingurune soziologikoki erdaldunagoetan beste diskurtso batzuk “prestigiotsuagotzat” jotzen direlako, dela, oro har, glamourraren kulturak jota bizi garelako

 

Euskarazko kulturgintzak, ezinbestekoa du elkarlana: elkarren ezagutza, errespetua eta konpromisoa. Artistak, antolatzaileak, zaleak, komunikabideak, elkarteak eta instituzioak… denak dira beharrezko euskarazko kulturgintza osasuntsu bat landu ahal izateko. Baina, aldi berean hau ere esan beharra dago, bakoitzak baditu bere egitekoak, eta, batzuek besteen esparru espezifikoetan sartu ezin dugun moduan, denek denen zain ere ezin dugu egon. Bakoitzak egin behar ditu bere etxeko lanak, eta elkarlanak prestatuta eta prest daudenekin abiatu behar du

 

Edozein euskara elkartek, egoera soziolinguistikoa dena delakoa dela, ohikoak diren hartzaileon iritzia etenbarik jasotzeko bideak jarri beharko lituzkeela uste dugu, besteak beste, euskara elkartearen beraren eta, esatera ausartuko gara, euskararen biziraupenerako ezinbestekoak direlako.

 

Euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura ez duten euskaldunak, gutxienez, hartzaile/kontsumitzaile pasibo bihurtu behar ditugu.

 

Bizilagun ditugun erdaldunei euskarazko kulturaren eta euren zein arrotzak dituzten ostantzeko kulturen arteko parekotasunak eta berezitasunak ezagutarazi behar dizkiegu.

 

Horretarako, bide laburrenetakoa elkarlananera/ auzolanarena/ sinergiena  dateke.

 

 

Igor Elortza eta Gotzon Barandiaran

1-8 of 8