Sortu, jaso, zabal zazu. Kulturgintzaz

posted 17 Dec 2008, 15:03 by Euskaltzaleen Topagunea   [ updated 19 Jan 2009, 04:55 ]

Gure ustez, ardura osoa eta bakarra sorgaietan jartzen badugu, nekez garatu genezake sorkuntza indartsurik. Arreta guztia objektuetan jartzen badugu (kantak, nobelak, bertsoak, filmeak…) subjektuei dagokien zentralitatea aitortu, oroitarazi eta zaindu barik (artistak, zaleak, antolatzaileak, industria, komunikabideak, instituzioak…), ezinezkoa da kulturari osasuntsu eustea. Kultur-gaia edozein izanik ere, funtzio sozialik betetzen ez badu, gure ustez, ez dago kulturaz berba egiterik.

 

Nondik begiratzen zaion, ederragoa era bada erronka: sortzaileagoak izatera derrigortuta gaude guztiok; sorkuntza gaur egun mendebaldean ulertzen den moduaz bestela ulertzera, eta lantzera: parte-hartzaileago, horizontalago, taldekoago, militanteago…

 

Jendartea osatzen dugu pertsona guztiak ez gara kultura kontsumitzaile aktiboak, bai ostera, pasiboak. Euskaldunok kultura espainol, frantsez eta angloxajoiari buruzko edukiak gura barik jasotzen ditugu egunero. Etenbako xurgatze inkonzientea da. Erreferentziaz elikatzen gaituen einean imaginarioa eraikitzen digu: janzkera, jakera, berbakera, ikuskera, azken batean, izakera. Aldiz, iruditzen zaigu euskal kulturari buruzko informazioa bilatu egin behar dugula euskaldunok, bila joan behar dugula. Esan berri dugu, euskalduna den oro, munduko herri guztietan gertatzen den legez, ez da kultura kontsumitzailea. Kultura kontsumitzailea ez den euskaldunak ez du informaziorik bilatzen eta bilatzen ez badu nekez jasoko du arestian aipatu kultura espainol, frantsez zein angloxajoiari buruz jasotzen duen beste eduki. Horregatik esan gura dugu euskaldunok ez ditugula gure sortzaileak ezagutzen.

 

Harrokeria barik esango dugu egungo euskal sortzaileek proposatzen digutenaren kalitatea bizilagun ditugun kulturetakoenaren bestekoa dela, gutxienez, askoz hobea askotan. Haatik, ez dugu lortzen euskaldunok horretaz jabetzerik.

 

Hona hemen, beraz, gaurko bi galdera nagusiak:

 

  • Zer ikuspegirekin egin behar da euskarazko kulturgintza?
  • Zer egiteko dagokie euskara elkarteei euskarazko kulturgintzan?

 

Gure ustean horixe izan liteke euskara elkarteen lehentasuneko bat: ahalik eta euskaldun gehienek gure sorkuntza kulturalaren berri jasotzea bila joan behar izan barik. Ezagutza eta kontsumoa, lehenik eta bat,  euskaldunon artean sustatu behar dugulakoan gaude. Alferrik ibiliko gara gure kultura atzerrian prestigiatzeko politika estrategikoak diseinatzen, ezinbesteko ezaugarritzat euskara duen kulturaren balizko hartzaileek ezer jasotzen ez badute

 

Bai, euskara eztabaida politikotik atera behar litzateke, herri honetako sentsibilitate desberdinen arteko akordio bat beharko litzateke hizkuntza eta kultura politikaren gainean eta hori guztia… baina, gaur-gaurkoz, ez da hala. Eta hala balitz ere, bi hizkuntzaren arteko talka beti izango da arazo iturri. Arazoari ihes egiteak ez digu gainditzen lagunduko.

 

Gure ustez, herri-kulturaren ikuspegia izan behar da ardatz euskarazko kulturgintzan; kulturaren ikuspegi antropologikoa. Esango genuke, batetik, sen horrekin jardun dugula eta dihardugula euskaldunok, baina, bestetik, azken urteetan indarra galtzen dabilen ikuspegia dela ere badirudi; dela ingurune euskaldunenetan “berezkotzat” jotzen delako, dela ingurune soziologikoki erdaldunagoetan beste diskurtso batzuk “prestigiotsuagotzat” jotzen direlako, dela, oro har, glamourraren kulturak jota bizi garelako

 

Euskarazko kulturgintzak, ezinbestekoa du elkarlana: elkarren ezagutza, errespetua eta konpromisoa. Artistak, antolatzaileak, zaleak, komunikabideak, elkarteak eta instituzioak… denak dira beharrezko euskarazko kulturgintza osasuntsu bat landu ahal izateko. Baina, aldi berean hau ere esan beharra dago, bakoitzak baditu bere egitekoak, eta, batzuek besteen esparru espezifikoetan sartu ezin dugun moduan, denek denen zain ere ezin dugu egon. Bakoitzak egin behar ditu bere etxeko lanak, eta elkarlanak prestatuta eta prest daudenekin abiatu behar du

 

Edozein euskara elkartek, egoera soziolinguistikoa dena delakoa dela, ohikoak diren hartzaileon iritzia etenbarik jasotzeko bideak jarri beharko lituzkeela uste dugu, besteak beste, euskara elkartearen beraren eta, esatera ausartuko gara, euskararen biziraupenerako ezinbestekoak direlako.

 

Euskarazko kultura kontsumitzeko ohitura ez duten euskaldunak, gutxienez, hartzaile/kontsumitzaile pasibo bihurtu behar ditugu.

 

Bizilagun ditugun erdaldunei euskarazko kulturaren eta euren zein arrotzak dituzten ostantzeko kulturen arteko parekotasunak eta berezitasunak ezagutarazi behar dizkiegu.

 

Horretarako, bide laburrenetakoa elkarlananera/ auzolanarena/ sinergiena  dateke.

 

 

Igor Elortza eta Gotzon Barandiaran

Comments